AEDIPE elkartearen helburu nagusi da Biltzarrera bertaratzen direnen iguripenak betetzea eta edukiekin, hizlariekin eta eskainitako formatuekin guztiz gogobeteta geratzea. Biltzarra osatzen duten bi jardunaldiak aberastasun profesionalerako eta lan egiten duten erakundeen garapenerako lagungarriak izan daitezen lortu nahi da.

Biltzar IREKIA, GLOBALA eta AKTIBOA, planteatzen dugu berariazko helburu hauek izango dituena:

1. Biltzar irekia

“Urrutirago ikusi badut, erraldoien bizkar gainean eserita nagoelako izan da”. Isaac Newton.

“Lanaren etorkizuna” gaiaren inguruko ikuspegi zabala, zorrotza eta diziplina artekoa eskainiko dugu, 360º hurbilketa baten bitartez. Hainbat ikuspegitatik jorratuko da gaia, eta horretan zerikusia izango du bertaratutako jakintza-arloen aniztasunak (legeak, ekonomia, filosofia, politika, gizartea, eta abar) zein arlo horiek ordezkatzen dituzten pertsonek.

Horretarako, programan hizlari izango dira unibertsitateko irakasleak, gaiarekin lotzen diren nazioarteko erakundeetako buruak, enpresetako zuzendaritza nagusietako kideak, sindikatuen esparruko pertsonak eta beste gizarte-eragile batzuk, betiere gogoetarako espazioa eta eztabaida ireki, zuzen eta aberasgarrirako espazioa sortzeko.

2. Biltzar globala

“Gizakiak ezin ditu ozeano berriak aurkitu, kostatik urruntzeko ausardia izan ezean.” André Gide.

Gero eta mundu konektatuago eta konplexuago batean bizi eta lan egiten dugu. Elkarren mendekoak gara. Hori dela eta, Biltzarrean izango ditugu munduan lan egiten duten eta lehiatzen diren unibertsitateetako, erakundeetako eta enpresetako kideak. Programan askotariko sektoreak, ikuspegi globalak eta tokikoak eta dimentsio desberdinak bildu ditugu, bertaratzen den edonork baliozkoak izango zaizkion erreferentziak topa ditzan eta garapen profesionalerako lagungarriak izan dakizkion.

3. Biltzar aktiboa

“Entzun, eta ahazten dut; ikusi, eta ikasten dut; egin, eta ulertzen dut”. Konfuzio.

Itxura klasikoagoko 3 hitzaldi plenario aurreikusi da, formatu ireki eta parte-hartzaileagoa duten beste ekintzekin uztartuta (hainbat ikuspuntutako elkarrizketak, 3-4 parte-hartzaileko mahai-inguruak eta solasaldiak bertaratutakoekin).
Baina hori ez da nahikoa. Bertaratuen arteko harremanak erraztu nahi ditugu; elkarrengana hurbil daitezen eta haien ezagutzak, ikuspegia eta esperientziak parteka ditzaten lortu nahi dugu. Horretarako, beste jarduera batzuen artean, bertaratzen direnak berak protagonista izango diren lantegiak diseinatu ditugu, ezin baitugu alperrik galdu Iruñean bi jardunaldi hauetan bat egingo duten pertsonak elkarren artean lotzeko aukera.