Ekonomiaren globalizazio-prozesuen eta garapen teknologiko bizkorreko prozesuen esparruan mendebaldeko gizarteek izandako bilakaerak aldaketa sakonak eta barne-tentsio berriak eragin ditu, lan-esparruan eragin zuzena izan dutenak.

Mendebaldeko gizarteetan ematen du ez datozela bat, batetik, merkatuek eta produkzio-erakundeek testuinguru horretan bizirauteko eta hazteko eskatzen dutena eta, bestetik, pertsonek ongizate-mailak ziurtatzeko behar dutena –zehazki, duela gutxira arte gehiengoarentzat zentzuzkoak, desiragarriak eta lorgarriak ziren ongizate-mailak ziurtatzeko behar dutena–.

Lan-munduan agerikoagoak dira tentsio horietako gehienak, bertan bat egiten baitute bilakaera teknologikoko, ekonomikoko eta sozialeko prozesuek. Lanaren esparruan, hain zuzen ere, zehazten da edozein gizarte modernotako pertsona gehienen biziraupena eta garapena.

Ez dago zalantzarik ekonomiak eta teknologiak aldatzen badira, lanak ere aldatu beharko duela eta, izatez, hala gertatzen ari da. Funtsezkoa da jakitea bilakaera horri aurrea hartzeko gai izango garen. Funtsezkoa da jakitea bilakaerari gizarte-aurrerapen deitu ahal izan dakion beharrezko oreka eta kohesioa bermatu ahal izango dugun.

Edukien eskema

  • 1. Joeren aurkezpena eta analisia
  • 1.1. Globalizazioa eta ekonomia berriak. Inpaktua geografian, demografian eta lanean.
    1.2. Garapen eta bilakaera teknologikoa.
    Eragina trebetasunetan eta enplegagarritasunean.
    1.3. Antolamendu- eta lege-esparru berriak. Inpaktua malgutasunean, konpromisoan eta desberdintasunean.
    1.4. Pertsonen egitekoa etorkizuneko erakundeetan.
  • 2. Lehiakortasuneko eta aurrerapeneko etorkizuneko agertokirako baldintza
  • 2.1. Lana, balioa eta lehiakortasuna
    2.2. Gizarte-kohesioko maila egokiak eta lehiakortasuna uztartzeko beharrezkoak diren baldintzak eta konpromisoak.
  • 3. Aldaketa-esperientziak erakundeen eta pertsonen kudeaketan
  • 3.1. Kudeaketa globalizatua eta nazioartekoa.
    3.2. Sektore publikoaren erronkak.
    3.3. Lan-harremanak eta enplegua.
    3.4. Makinak, robotak eta pertsonak: Industria 4.0.
    3.5. Lana, enplegua eta gizartea. Gizarte-erakundeen ekarpena.
    3.6. Gazteria eta lana. Belaunaldien bizikidetza.

Zenbait azterketatan, lana epe ertainera eta luzera aldatzeko prozesuaren barruan adierazgarritzat jo den hainbat joera (1) izango dugu abiapuntu. Gure helburua izango da joera horiek aztertzea eta aurrerapeneko eta lehiakortasuneko etorkizuneko agertokia (2) lortzeko beharrezkoak diren enpresaren, gizartearen eta lanaren arloko jardun-jarraibide batzuk ezartzea.

Azkenik, AEDIPEk sustatzen duen biltzarra izanik, pertsonen kudeaketaren eta erakundeen talentuaren arloan lanaren transformazioak eskatuko dituen aldaketak (3) argituko dituzten kudeaketa-esperientzia errealak partekatuko ditugu.